Zirkulazio Kodeak dio animaliak ezin direla autoaren aurreko jarlekuan eraman. Atzeko jarlekuan eta aurreko aldera pasatzea eragotziko dien babesarekin eraman behar dira. Baina garraio bidearen arabera, aldatu egin daiteke araua. Itsuaurreko egiten duten animaliak bakarrik onartzen dira beti jabearen ondoan. Aldiriko autobus, metro edo trenetan debekatuta dago animaliak sartzea, gidariak edo ikuskatzaileak beren erantzukizunpean erabakitzen dutena salbuespen hartuta. Ibilbide luzeko trenetan eta itsasontzietan onartzen dira konpainiako animaliak, baina maletategian joan behar dute, berariaz prestaturiko kaiola baten barruan.
Garraio enpresa bakoitzak bere arauak ditu animalia txikientzat (bost kiloz azpikoentzat) eta batzuetan onartzen dute jabearen jarlekuaren ondoan joatea, baina ikuskatzaileak indarrik gabe utz dezake baimen hori. Hegazkina da tamaina txikiko animalien kasuan onarpen handiena erakusten duena eta eta pisu handikoak ekipajearekin batera fakturatu behar izaten dira. Zalantzarik izanez gero, hegazkineko arduradunak izango du azken hitza eta animalia jabearekin edo ekipajearekin joango den erabakiko du. Europako Batasunak ondorengoak eskatzen ditu herrialde batetik bestera etxeko animaliak eraman ahal izateko: amorruaren aurkako txertoaren egiaztagiria duen osasun-txartela, osasunaren egiaztagiri ofiziala edozein hizkuntza ofizialetan eta animaliaren identifikazioa, Europako Batasunean onartzen diren metodoetako edozeinetan, tatuaje nahiz txip bidez.
Tidak ada komentar:
Posting Komentar